XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina kantariok bagenituen arazo gogorrei erantzuteko, halako egitura berri bat behar genuela garbi zegoen.

Horrela jaio zen Agerki.

Zoritxarrez, ez du bere lana ondo bete.

Alde batetik, jaialdien jestioak egin behar zituztenek ez dutelako lana behar bezala egin.

Eta bestetik, kanpotik ere torpedeatu delako gure proiektu hori (ridikuloa bada ere, Agerki EHASkoa zela zabaldu zuten batzuk; eta gainera, Urkok eta Gorka Knô*rr-ek manejatutako mafia bat.

Ikusten denez, horik esan dituena hauzitara eramateko moduko akusazioak, baina gure herrian normaltzat hartzen dira holako gauzak).

Egun hauetan, beste bilera batzu egin ditugu kantari batzuk, eta Agerki berriro ere aurrera aterako dugula uste dut.

Bukaera gisa

Gauza arrunt batzu esan ditut.

Ez dut halako azterketa sakonik egin.

Batetik, denborarik ezagatik eta, bestetik, gauza ez naizelako.

Gainera, egoera tristean bizi gara, benetan.

Euskal musikaz gehien idatzi dugunok, oker ez banago, kantari batzu izan gara.

Hori guztiz anormala da, baina halaxe da.

Uste dut badela garaia euskal kantagintzak bere kritika izan dezan.

Joanak dira lehengo diktadura denborak.

Lehen, euskal kantari bati buruz idazteagatik, egunkari batetik (Donostian) bota egin zuten kazetari bat.

Gehiago oraindik.

Garaiakoek eskatu zidaten diska-aipamen eta kritikak egiteko.

Eta diska baten kritikan esaten nituen gauza batzurengatik (grabaketa, Donostian egindakoa, txarra iruditzen zitzaidala), bota egin ninduten.

Gaurko egunean, ez dut uste horrelakorik gertatuko denik.

Eta kritika behar dugu.

Ea norbait animatzen den.

Gauza asko ditut buruan, bueltaka.

Eta denek merezi dukete azterketa bat.

Gure profesionaltasuna; kantatzeko izan ditugun eta ditugun eragozpenak (baina denak aipatuz, ez bait zaizkigu denak frankismo aldetik etorri); kritika, komunikabideak, diskagintza (erraz esaten dute batzuk, kantari batzuk desertatu egin dugula, eta grabatzera Madrilera joan garela; baina ahaztu egin zaie nonbait, kantariok ez dugula Euskal Herrian grabatzeko aukerarik izan esatea...).

Gauza asko dira noski.

Eta ikaratzen nau idazten hasteak.

Jakin-ekoek artikulu bat idazteko agindu zidatenean, ni ez nintzela gauza esan nion Xabier Leteri.